Orain dela gutxi ikerketa txiki bat egin nuen nire ikasleekin (Lanbide Heziketako 2. urteko gazteak. 19-20 urte) eta galdera bat bota nien. Zertarako erabiltzen duzue Internet? Erantzun batzuk ohikoak ziren:
- Informazioa bilatzeko. Google erabiliz eta eskolako gaietarako baita Wikipedia ere.
- Beraien artean komunikatzeko ez zuten korreo elektronikoa erabiltzen Messengerra baizik. Eta korreoa erabiltzen zutenen artean beti webmaila. Era asinkronoan komunikatzeko segapotoa erabiltzen dute SMSen bitartez.
- Jolasteko. Sareko jokoak bereziki. Jolasteko nahiago dituzte konsolak.
- Musika eta Pelikulak jeisteko P2P sareak erabiliz.
Hoiek izan ziren beraien bat bateko erantzunak. Agertu zen Web 2.0 aplikazio bakarra Wikipedia zen eta pixka bat harrituta, tiraka hasi nintzen. Adibide batzuk ipini nizkien ea ezagutzen zuten. Inoiz ez zuten entzun ezer Flickrri buruz, edo Wikiei buruz, edo Sindikazioari buruz, edo del.icio.us-i buruz, edo zabaldu.comi buruz, edo meneame.net-i buruz, edo ez zekiten zer zen podcasta. Google Docs ere ez zuten ezagutzen. Youtube bai baina bakarrik ikusle moduan, iruzkinik ez zuten egiten. Baten batek, oso gutxik egia esan, Bloga hitza entzuna zuen eta bereziki Fotologa hitzari lotuta, eta hor bai, hor egiten zituzten komentarioak, normalean katxondeo moduan.
Orduan bigarren galdera bota nien: Eta ikasteko, eskolarako, zertan erabiltzen duzue Internet? Eta erantzunak bi eta oso garbiak gainera: informazioa biltzeko eta kopiatu eta itsatsi egiteko inolako tratamendurik gabe eta inolako lotsarik gabe.
Eta nik orduan - eta sortu? zuen irudimenetik eta lanetik ez duzue ezer sortzen?. Erantzuna: Derrigorrezkoa ez bada ez. Zertarako?
Momentu honetan non Konstruktibismotik Konektibismora pasatzen ari garen, uste dut ez ikasleak ezta irakasleok ez garela konturatu sareek ikasteko espazioak sortzeko (bai pertsonalak baita kolektiboak) ematen dizkiguten aukerataz. Ikasteko era eta herraminta ugari erabili ditzakegu baina uste dut ez ditugula uztartu oraindik “learning by doing” (eginez ikasi) eta Sarean gauza berriak sortzeko posibilitateak.
Testuinguru honetan, txalotzekoak dira Zientzia eta Teknologia astea dela eta sortutako ekimenak: Teknoskopioa Blog lehiaketa eta Wikipedia lehiaketa. Uste dut irakasle guztiok bultzatu behar dugula gure ikasleen parte hartzea. Horrela ikusiko dute beraiek ere ekoizpen duin eta txukunak egiteko gai direla eta beraien sormena garatzeko aukera bat izan daiteke.
Baliteke gure ahaleginak hutsean geratzea baina baliteke ere gure gelan bat edo bi animatzea eta sariren bat lortzea ere, horrek animatuko ditu besteak hurrengo baterako.
Dena den, pilota ez dago bakarrik ikasleen zelaian. Irakasleok ere mugitzen hasi behar gara. Arthus, 14 urteko ikasle estatubatuarrak bota du ondorengo esaldia: “Schools teach students to “fear technology” and to really only use it for limited things and not for deeper conversations.”
Eta hor dago gakoa nire ustez: “deeper conversations“. Gure gaietako edukinak toki askotan aurkitu ditzakegu eta ezin gara geratu informazioa pilatzean, benetan ikasteko eta ikasketa prozesuan sakontzeko ikasleei “elkarrizketa sakonagoak” proposatu behar dizkiegu.