Geroaz idatzi zuen atzo Julenek; nik, berriz, eta zuen baimenarekin, joan den mendeko oroitzapenetara joko dut gaurkoan, Leioako Zientzia Fakultateak oraindik izen bikoitza ez zuen aspaldiko garai haietara, alegia, Teknologia abizena ez zuenean.
Klaseak euskaraz zituen talde aitzindari haietako batean parte hartzeko aukera izan nuen. Bitarteko handiegirik gabe beharbada, baina ilusioa soberan denok. Eta oso giro onean, nahiz eta inguruan mesfidantza egon; adibide gisa, gai batzuetan gazteleraz jartzen zuten azterketa berbera jarri behar ziguten… badaezpada, antza denez. Jakina, behin baino gehiagotan irakasle eta ikasle batzuek elkarrekin bazkaltzen genuenez (salbuespenak salbuespen, ez zen ”elkar jan” kar, kar)
Garai haietan ez genuen wikipedia eskura. Are, gogoratzen dudan ordenagailua, horrela, singularrean, kalkulu-zentroan zegoen; ikerlariek erabiltzen zuten eta horretarrako fitxa berezi batzuk zulatu behar ziren. Pentsa, konpara ezazue egoera aurtengo lehiaketan emango diren sariekin.
Eta 25 urte inguru besterik ez dira bete. Hori bai, jakin badakit joan den mendeko kontuak direna, Errealak eta Athleticek ligak irabazten zituzten garaiak, hain zuzen.

Un Trackback
[…] ikasten aritu nintzela kontatu nizuen aurreko batean. Baina sekula santan ez didate gaur bezalako azalpenik eman. Kontzeptu zail samarrak azaltzeko […]